Historia

IRAGANA ETA ETORKIZUNA BERGARAKO HIRI GARRAIOAN

Zalgurditik gas likidotura.

Bidaiarien garraioaren historian aurrekaririk gabeko inbertsio batekin sortu da Bergaran Herribusa proiektua; proiektu hori Cuadrabusek eta Udalak bat-egitearen ondorioa izan da, eta hiribilduko garraioa erabat aldatzea du helburu. Zerbitzu berri honi esker, Bergarak eskura izango ditu mugikortasunarekin zerikusia duten beharrei aurre egiteko baliabideak; horrela, auto partikularra baztertu eta zerbitzu hau sustatuko da, trafikoa gehiegizkoa baita lehendik ere, eta aldi berean, teknologia berriari esker eta horren erabileraren ondorioz, nabarmen jaitsiko da herriak duen aire-kutsadura. Ehun urte baino gutxiagoan, animaliek tiratutako garraiotik (hipomobila) erregai gisa gas likidotua erabiltzen duen eredura iritsi gara, hau da, automozioaren industriak eskaintzen dizkigun azken teknologietara. Atzean utzi ditugu zaldiek edo mandoek tiratutako gurdi haiek, edo bailarako industrializazioak ekarri zituen bi trenbide haiek, bi geltoki eta 5 geraleku zituztenak, eta 1968an eta 1971n bertan behera gelditu zirenak, erabat nagusitu zen errepidezko garraioari aurre egin ezinik.

   

 

XX. mende hasieran, Bizente Idarretak oraindik ere Bidekruzeta kalean dagoen hotela zeukanean, bidaiak eta “paseoak” eskaintzen zizkien turistei, hiru zaldik tiratutako gurdian. Geroago, Urbano López eta Paulino Larrañagak (“Canalejas”) Bergarako herritarrentzako garraio zerbitzuak antolatu zituzten gasolinazko barne-errekuntzako motordun trakzioa zuten ibilgailuekin. Lehenengoak autoen garaje/tailer mekanikoa zuen bere ardurapean, eta kabriolet dotore bat zeukan, enkarguzko bidaiak eta txangoak egiteko. Canalejasek, bere aldetik, bidaiariak garraiatzeko zerbitzu erregularra sortu zuen eta Bergara-Antzuola-Zumarraga eta alderantzizko linea egiten hasi zen.

 

Gerra ostean, Zelestino Idarretak, zalgurdiz bidaiariak garraiatzen hasi zenaren semeak, Bergaran bertan sortu zuen hainbat urtetan Gipuzkoako bidaiarien garraio konpainiarik handiena izango zena: Automóviles la Bergaresa izenekoa.

Bergaresak, hasieran, Narbaitza Ehungintzan zituen tailerrak, hiltegi ondoan, eta geltokia eta paketeak nahiz bidaiariak jasotzeko lekua familiako hotelaren aurrean zegoen, gaur egungo 15. zenbakian.

Bergaresak Eibarretik Gasteizera, Iruñera eta Logroñora zihoazen lineak izan zituen. 80ko hamarkadan, Bergarako herritarrei eta eskualdetik kanpokoei hainbat urtetako zerbitzua eman ondoren, itxi egin zuten enpresa eta PESAk bereganatu zuen, zituen langile guztiekin. Nolanahi ere, Bergarako lehenengo hiri-autobusaren zerbitzua Joaquín Guillén Rodríguez “Bigotes” zeritzonak sortu zuen, arrakasta handiz sortu ere, 1962ko urtarrilaren 18an; hasiera hartan, lau gidari ziren eta bidaia bakoitzak pezeta bat balio zuen. Proiektu berritzaile hori finantzatu zuen babeslea Elkoroiribe (Barruti) bergararra izan zen.

Beraz, Extremadurako jatorria zuen ekintzaile hark duela mende erdi sortutako enpresa hura, Gipuzkoan aitzindari izan zena, ordezkatuko du hemendik aurrera proiektu berri honek. Horrela, Herribusak jarraipena emango dio legendazko zerbitzu hari, hobetuta betiere, bergarar guztien mesedetan.